Eusko Label berme-markaren erabiltzeko Arautegia

1. Artikulua. Helburua

Arautegi honen helburua Eusko Label berme-marka erabili ahal izateko baldintzak finkatzea da, honekin batera doan Agirian agertzen den logotipoa edo irudikapen grafikoa erabiliz.
Nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzako kalitatezko produktuak bultzatu, sustatu eta garatzeko eta kontsumitzaileari horien jatorria, segurtasuna eta kalitatea ziurtatzeko tresna gisa eratu da marka hau.
Horren bidez, produktuen lehiakortasuna handitu nahi da, baita horiek ekoizlearentzat eta enpresentzat duten errentagarritasuna ere; horri esker estimazio eta ospe handiagoa izango dute eta baliagarria izango da sektoreak berekin duen natur eta kultur ondarea babesteko eta iraunarazteko.

2. Artikulua. Definizioa

Eusko Label markaren irudi grafikoa Kalitatearen K hori da, eta EAEn ekoitzi, eraldatu eta/edo egin diren eta, beren kalitatea, berezitasuna edo berariazkotasuna dela eta, batez besteko orokorra gainditzen duten elikadura-produktuak identifikatzeko eta bereizteko balio du.

3. Artikulua.- Marka erabiltzeko baldintza orokorrak honakoak dira

Berme-markaren bidez aitortua izateko, produktu batek honako baldintzak
bete beharko ditu:

  • Euskadin ekoitzia eta/edo egina izan, eta Euskadikoak diren lehengaiez egina izan bere gehiengoan.
  • Kalitate gorenekoa izan
  • Bolumen txikia izan
  • Kolektibo bati mesede egin
  • Ezaugarri hauek guztiak ziurtatu ahal izateko kontrol-sistema bat eduki.

4. Artikulua. Eskatzaileak

Eskatzaileek elikadura-produktu horren beraren ekoizle eta/edo egileen elkarteak izan beharko dute, edo horiek parte hartzen duten erakundeak, beren izaera juridikoa edozein izanik ere.

5. Artikulua.-Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Eskaerak Hazin aurkeztuko dira: Muntsaratz Dorrea, 17-A,
Muntsaratz Auzoa, 48220, Abadiño (Bizkaia), horretarako aurreikusita dagoen inprimakia erabiliz.

Baimen-eskaera horren barruan, gutxienez, honakoak aipatu beharko dira:

  • Erakunde eskatzailearen izena eta helbidea. 
  • Eusko Labelaren aitorpena jasotzeko proposatutako produktuaren ezaugarri nagusiak eta 3. artikuluan aurreikusitako aitorpenerako baldintza orokorrak betetzen dituela dioen egiaztapena. 
  • Eskaera hori produktu eraldatu bati buruzkoa denean, erakunde eskatzaileek trazabilitatea eta APPCC betetzen direla egiaztatu beharko dute.

6. Artikulua.-Aitorpenerako prozedura

Eskaera hori jaso ondoren, Hazik aztertu egingo du, eta proposatutako produktuak 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu, aitorpena egin aurreko eginkizunei hasiera emango zaie, hots: sektore ekoizlearen eta eraldatzailearen, merkatuaren, etamerkaturatzebideen eta produktuaren beraren izaeraren inguruko azterketak egingo ditu.

Aurretiazko azterketa horien arabera proiektu hori bideragarria dela ondorioztatzen bada, produktuari aitorpena emango zaio, horretarako arautegi tekniko bat prestatuz, elkarte eskatzailearekin adostuta, eta bertan, horren definizioa, ezaugarri nagusiak, baimendutako ekoizpensistemak, ekoizpen-eremua, ustiategien baldintzak, tratamenduak, elikadura (hala egokituz gero); identifikazioa, etiketatzea eta merkaturatzea zehaztuko dira: eta halaber, kalitate-kontrola eta erregistroak eta ez-betetzeen aurrean hartu beharreko neurriak, hori guztia kalitatezko produktu bat erdietsiko dela ziurtatzeko helburuarekin.

Arautegi teknikoa onetsi ondoren, erakunde eskatzaileak eta/edo bertan sartuta dauden operadoreek zin egin beharko dute produktuaren arautegi teknikoa beteko dutela, kontratu bat sinatuz.

Une horretatik aurrera, produktu zehatz horretarako ezarritako kontrolplanetan eta analitiketan sartuko dira operadoreak. Hasierako bisitaldi bat egingo dute ikuskatzaileek bertako instalazioak onetsi eta baliokidetzeko eta dagozkion analisiak egiteko, eta horiek baimendu ondoren, dagokion kontrol-planean finkatzen den maiztasunaz ikuskatuko dira, eta Hazik kontrol eta ziurtapenen gastuak estaltzeko erabiliko diren kuotak finkatuko ditu.

7. Artikulua.-Berme-markaren titularra

Eranskinean deskribatuta datorren berme-markaren jabea Hazi da, eta bere helbidea Abadiñoko Muntsaratz Dorrea da (Bizkaia).


8. Artikulua.-Erregimen Juridikoa

Berme-markaren erregimen juridikoa Marken gaineko abenduaren 7ko 17/2001 Legean ezarritakoa eta arloaren arabera aplikagarri den gainerako legeria izango da.


9. Artikulua.-Baimenaren indarraldia

Eusko Label Berme-marka erabiltzeko baimen honek izaera mugagabea du, eta erabilera-arautegi honetan eta aplikagarri izan daitekeen produktuaren arautegi teknikoan ezartzen diren betebeharrak betetzearen baldintzapean egongo da bere indarraldia.


10. Artikulua.-Erregistroa

Hazik Eusko Label berme-marka erabiltzeko baimena duten ekoizle eta enpresen erregistroak izango ditu berak babesten dituen produktuetarako.

11. Artikulua.-Erabiltzeko eskubide berezia eta bereizlea.

Haziren Erregistroetan inskribatuta eta baimenduta dauden operadoreek bakarrik erabili ahal izango dute, eta Eusko Label Berme Markak babestutako produktuetarako bakarrik.

12. Artikulua.-Produktuen etiketetan marka erabiltzeko arauak

HAZIk markaren identitateari buruzko Eskuliburu publiko bat du, marka hori erabiltzeko baldintzak arautzen dituena, bai babestutako produktuen etiketetan eta bai erabili ahal izango diren beste euskarri batzuetan ere.

Berme-marka erabiliko den etiketa eta/edo euskarri guztiak Hazik onetsi beharko ditu.

13. Artikulua.-Eusko Label marka eta hori erabiltzeko baimena duten operadoreen "Marka Komertzialak" batera agertzeko baldintzak

Agiri publiko batean araututa dago erregistratutako erabiltzaileek beren "marka komertzialekin" batera berme-marka erabiltzea, eta bertan, honako
betebehar hauek azpimarratzen dira:

• Eusko Labelaren erregistroetan inskribatuta dauden operadoreek
baimen-eskaera bat aurkeztu beharko dute Eusko Label markarekin
batera "beren" marka komertziala erabiltzeko.
• Operadoreen marka komertzialak Eusko Label berme-markak
babestutako produktuetan bakarrik erabili ahal izango dira.

14. Artikulua.-Zigorrak

Erregistratutako erabiltzaileek erabilera-arautegi hau eta/edo produktuaren
arautegi teknikoa eta dokumentazio osagarria betetzen ez badute,Hazik zigorra ezarri ahal izango die, ohartaraziz, eta beraz,bermemarka erabiltzeko baimena aldi baterako edo behin betiko kentzea erabaki dezake.

15. Artikulua.-Aldaketak

Erabilera-arautegi honen aldaketak Patente eta Marken Espainiako Bulegoan inskribatuko dira.